Skip to main content

Elkarrekin Podemosek Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako sektore-hitzarmenaren aurreakordioa ospatu du; 2026ko aurrekontu-akordioaren konpromiso nagusietako bat

Talde moreak, gainera, 2027ko aurrekontuak negoziatzen hasteko aurretiazko baldintza gisa jarri zuen egoitza eta eguneko zentroetako sektore-hitzarmenaren sinadura desblokeatzea, urtea amaitu baino lehen

Miren Echeveste: “Ondo egindako lanak bere fruituak ematen ditu, eta hemendik aurrera ere lanean jarraituko dugu beti, lan-baldintzak hobetzeko eta emakumeek egiten dituzten lan guztiak duintzeko; izan ere, lan horiek ekarpen handia egiten diote gizarte osoari”
 
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Miren Echevestek gaur ospatu du Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetarako sektore-hitzarmenaren aurreakordioa sinatu izana. Albiste “ikaragarri ona” dela adierazi du, langileen lan-baldintzak nabarmen hobetzea ekarriko baitu.

Elkarrekin Podemosek gogor lan egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan akordio hori lortzeko. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen horretan inplikatzeko eta hura bultzatzeko konpromisoa hartzea izan zen Elkarrekin Podemosek foru-gobernuarekin 2026ko aurrekontuei buruz egindako akordioan sartutako neurri garrantzitsuenetako bat. Horretarako, 10 milioi euroko partida bat aurreikusi zen, urte osoan gordeta egon dena, mugarri hori lortu arte.

Are gehiago, talde moreak 2027ko aurrekontuak negoziatzen hasteko aurretiazko baldintza gisa jarri zuen Aldundiak konpromiso hori betetzea eta urtea amaitu baino lehen egoitza-zentroetako zaintza-lana duintzeko hain beharrezkoa den sektore-hitzarmenaren sinadura bultzatzea.

Echevestek gogorarazi du langileak urtebete baino gehiago daramatela greban, lan-baldintzak hobetzea aldarrikatzen. Horregatik, albiste “ikaragarri ona” dela azpimarratu du. Zaintzaren sektorea, nabarmendu duenez, prekarizazio handienetakoa jasaten duen sektoreetako bat da, eta, horregatik, «aurreakordio hau gogotik ospatzen dugu».

Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak azpimarratu du aurreakordioa “guztion arteko lan kolektibo handiaren emaitza” dela, eta guztien ahaleginari esker lortu dela helburua errealitate bihurtzea. Hala ere, EH Bildu eta PP salbuetsi ditu lorpen horretatik, gogorarazi baitu bi alderdi horiek aurkako botoa eman zietela lorpen hau ahalbidetu duten aurrekontuei. “Ondo egindako lanak bere fruituak ematen ditu, eta hemendik aurrera ere lanean jarraituko dugu beti, lan-baldintzak hobetzeko eta emakumeek egiten dituzten lan guztiak duintzeko. Ez dugu ahaztu behar lan horiek ekarpen handia egiten diotela gizarte osoari”, adierazi du.

Azaroaren 29ko hauteskunde orokorrak ate joka direla, Echevestek adierazi du “Podemosek bozkatzea horrelako aurrerapauso garrantzitsuak lortzearen alde bozkatzea” dela. “Erakundeetan lanean eta borrokan jarraituko dugu beti, sektore guztietako langileen bizi-baldintzak hobetzeko. Eta hori da boto erabilgarria: Podemosi emandako botoa”, amaitu du.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input