Podemos prest dago pertsona guztientzako pentsio publiko duinen sistema defendatzeko eta funtsak BGAEetara bideratzeari uko egiteko
Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburu Maite Gartziak ohartarazi duenez, Euskadiko gainerako alderdi politiko guztiek, bereizketarik gabe, pentsio-sistema mistoak finantzatzearen eta sustatzearen alde egiten dute: “Funts publikoak BGAEetara bideratzeari uko egiten dion indar politiko bakarra gara”
Adierazi duenez, “sistema publikoa indartu nahi badugu eta berdintasun sozialean sinesten badugu, onartezina da diru publikoarekin errenta ertain-altuak dituzten gutxi batzuen pentsio-sistema mistoa ordaintzea”.
“Guztiok dakigu azaroaren 29 honetan pentsio publikoen etorkizuna jokoan dagoela hautestontzietan. Eta arrisku horren aurrean, Podemos da pentsio publikoak indartzearen alde egiten duen eta funts publikoak BGAEetara bideratzeari uko egiten dion indar politiko bakarra”. Hitz horiekin adierazi du bere jarrera Maite Gartzia Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburuak. Haren esanetan, hauteskunde orokor hauetan Podemosen boto-paperak soilik eragotz dezake pentsio publikoak ahultzea.
Gertakariek, haren ustez, argi erakusten dute hori. Eskuina pentsio-sistema publikoa ahultzeko eta, are gehiago, desegiteko asmoa ezkutatu gabe ari den bitartean, Euskadiko gainerako alderdi politiko guztiek, bereizketarik gabe, pentsio-sistema mistoak finantzatzearen eta sustatzearen alde egiten dute, erakundeetan behin eta berriz erakutsi duten bezala.
“Podemosen argi dugu: administrazio publikoek finantzatu eta zerga-hobari bidez diruz lagundutako pentsio-sistema mistoak pentsio-sistema publikoa ahultzen du, eta garaiz geldiarazten ez badugu, behin betiko kaltetu dezake», adierazi du Gartziak. Ondoren, honako hau azpimarratu du irmotasunez: «Argi eta garbi esaten dugu: hauteskunde hauetan pentsio publikoak defendatzen dituen eta funts publikoak BGAEetara bideratzea onartzen ez duen boto-paper bakarra Podemosena da”.
Pentsio-sistema publikoa arriskuan egoteko beldurra benetakoa da, eta arrisku horrek “guztiok mugiarazi behar gaitu, aukera hori geldiarazteko”. Baina arriskua ez dator soilik eskuinak iragarritako asmoetatik, baita “PSOEk eta haren aliatuek pentsio-sistema mistoen alde egindako apustutik ere: hau da, gehiengoarentzat pentsio-sistema publiko justu-justukoa eta, gutxi batzuentzat, administrazio publikoek finantzatu eta sustatutako BGAE bidezko osagarriak”.
Eta hori, Gartziaren esanetan, onartezina da justizia sozialaren ikuspegitik. “Sistema publikoa indartu nahi badugu eta herritarren arteko berdintasunean sinesten badugu, onartezina da diru publikoarekin errenta ertain-altuak dituzten gutxi batzuen pentsio-sistema mistoa ordaintzea”, azpimarratu du.
Horri dagokionez, Gartziak Gipuzkoako datu batzuk aipatu ditu, pentsio-sistema mistoetara bideratzen diren diru publikoaren kopuru izugarriak agerian uzteko. 2022tik 2025era bitartean, gizarte-aurreikuspeneko erakundeen inbertsioek 253 milioi eurotik gorako atxikipen baten baliokideko errentagarritasuna izan zuten. PFEZari dagokionez, berriz, 2025eko errenta-aitorpenean egindako murrizketek 374 milioi eurotik gora egin zuten. Azken horrek 127 milioi eurotik gorako gastu fiskala eragin zuen urte bakar batean, BGAEei lotutako hobariak direla eta.
Eta kopuru horiei, Gartziak nabarmendu duenez, administrazio publikoak urtero egiten dituen ekarpenak gehitu behar zaizkie, guztion diruarekin, langileen nominen bidez BGAEetara bideratzen direnak. “Urtero milioika eta milioika euro gizartearen heren baten ustezko etorkizun hobea finantzatzeko. Baina, gutxi batzuen pribilegio hori finantzatzen den bitartean, ez da biltzen gaur egungo eta etorkizuneko pentsio-sistema publikoa indartzeko eta finantzatzeko erabil litekeen diru guztia”, kritikatu du.
Horregatik guztiagatik, egoera ikusita, Gartziak honako adierazpen irmo honekin amaitu du: “Pertsona guztientzako pentsio publiko duinen sisteman sinesten baduzu, boto baliodun bakarra Podemosena da”.
PODEMOS Ahal Dugu