Skip to main content

Guztiongatik, guztiontzat, publikoan

Abortu librea, segurua, irisgarria eta publikoa Euskadin: erabakitzea gure eskubidea delako

Podemos Euskadiren manifestua, abortu legal, seguru eta irisgarriaren aldeko Ekintza Globalaren egunean

Irailaren 28 honetan, Abortu Legal, Seguru eta Irisgarriaren aldeko Ekintza Globalaren Egunean, feministok berriro aterako gara kalera, emakume guztiek eta haurdun geratzeko gaitasuna duten pertsona guztiek gure gorputzen eta gure bizitza-proiektuen gainean erabakitzeko duten eskubidea defendatzeko.

Gure gorputzen gainean erabakitzea eskubide bat delako. Abortatzea osasun-prestazio bat delako. Eta eskubiderik ezin delako benetan unibertsala izan eskubide hori eskuratzea bizi zaren tokiaren, duzun diruaren edo sistema publikoak eskubide hori bermatzeko behar adina baliabide dituen ala ez izatearen araberakoa bada.

Podemos Euskadin urteak daramatzagu aldarrikatzen abortua erabat integratu behar dela Osakidetzan. Errealitatea da, orain arte, haurdunaldiaren borondatezko eteteen gehien-gehienak itunpeko zentro pribatuetan egin direla, funts publikoekin finantzatu badira ere. 2024an, Euskadin egindako haurdunaldiaren borondatezko eteteen %95 zentro pribatuetan egin ziren.

Eusko Jaurlaritzak 2025eko urrian iragarri zuen Osakidetzak 2026tik aurrera pixkanaka bere gain hartuko zuela prestazio hori, bere baliabide propioekin. Orain, hori errealitate bihurtzeko unea da.

GUZTIONGATIK. Gure borrokak sustraiak, memoria eta genealogia feminista dituelako. Aurreko belaunaldiengatik ateratzen gara kalera.

GUZTIONTZAT. Guztiengana iristen ez den eskubide bat ez delako guztiz bermatutako eskubidea. Desberdintasun ekonomikoek, lurralde-desberdintasunek eta gizarte-desberdintasunek ere baldintzatzen dute abortatzeko aukera.

PUBLIKOAN. Abortua publikoki finantzatzea ez delako gauza bera abortua zerbitzu publikoaren bidez bermatzea. Horregatik, Podemos Euskaditik Eusko Jaurlaritzak iragarritako konpromisoa Osakidetzak haurdunaldiaren borondatezko eteteak benetan bere gain hartzea izatea eskatzen dugu, giza baliabide eta baliabide materialekin, behar bezala prestatutako profesionalekin eta gertuko eta kalitatezko arretarekin. Eta, gainera, banakako kontzientzia-eragozpena eskubide hori gauzatzeko oztopo bihur ez dadila bermatzea.

Ez ditugu iragarpenak nahi. Bermeak nahi ditugu.

Sare publikoak prestazio hori behar duten emakume guztiei erantzuteko moduan egotea nahi dugu, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestuz eta etenaren aurretik, bitartean eta ondoren arreta integrala bermatuz.

Eta abortua isiltasunez eta estigmaz inguratuta egoteari uztea nahi dugu.

Sexu-hezkuntza integrala, publikoa, feminista eta eskubideetan oinarritutakoa behar dugu; informazio zorrotza txikitatik eskaintzeko eta sexualitatea autonomia, adostasuna, aniztasuna, plazera eta indarkerien prebentzioa oinarri hartuta bizitzeko aukera emango duen hezkuntza.

Irailaren 28 honetan berriro aterako gara kalera, Euskadin abortatzea benetako eskubide, eskubide irisgarri eta bermatua izan dadin nahi dugulako.

Berriro aterako gara kalera, gure gorputzak ez direlako eztabaidarako lurralde.

Guztiongatik.
Guztiontzat.
Publikoan.

Abortu librea, segurua, irisgarria eta publikoa Euskadin.

Erabakitzea gure eskubidea delako.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input