“Gehiago eraikitzeak ez du etxebizitzaren arazoa konpontzen: Etxebizitza publiko gehiago behar dira, baita arautzea, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea eta espekulazioari amaiera ematea ere”
Podemosek etxebizitzaren arazoa konpontzeko neurri zehatzak proposatu ditu Donostian egindako kanpaina-ekitaldi batean, 1.480.000 eurorainoko prezioa duen etxebizitza-sustapen baten aurrean
Maite Gartzia: “Etxebizitza finantza-aktibotzat hartzen duen eredua elikatzen jarraitzen badugu, gehiago eraikitzeak espekulatzaileen negozio-aukerak areagotu ditzake”
Podemosek gaur baztertu egin du etxebizitzaren arazoa etxebizitza gehiago eraikita konponduko denik, eta defendatu du irtenbidea honako hauetan datzala: etxebizitza publiko, babestu eta alokairu eskuragarriko gehiago eskaintzean, arautzean, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzean eta espekulazioari mugak jartzean.
“Ez da nahikoa gehiago eraikitzea. Geure buruari galdetu behar diogu zer eraikitzen dugun, norentzat eta zer preziotan. Izan ere, etxebizitza finantza-aktibotzat hartzen duen eredua elikatzen jarraitzen badugu, gehiago eraikitzeak espekulatzaileen negozio-aukerak ere areagotu ditzake”, adierazi du Maite Gartzia Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburuak.
Gartziak adierazpen horiek Donostiako erdigunean egindako kanpaina-ekitaldi batean egin ditu, 695.000 eta 1.480.000 euro arteko prezioak iragartzen dituen etxebizitza-sustapen baten aurrean. “Bien bitartean, Donostiako batez besteko alokairua hilean 1.079 eurotik gorakoa da dagoeneko. Etxebizitza bat izatea ez litzateke pribilegio bat izan behar. Bizitzeko aukera izatea bezain oinarrizko zerbait izan beharko luke”, deitoratu du.
Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, Podemosek proposatzen dituen neurri zehatzak azaldu ditu: alokairuen prezioak % 40 jaistea lege bidez; espekulazio-xedez etxebizitzak erostea eragoztea; hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea; etxebizitza-jabe handien etxebizitzetan esku hartzea; eta, lehenespenez, iraupen mugagabeko alokairu-kontratuak bermatzea. “Ezin dugu jarraitu erabaki politiko ausartak behar dituen krisi bati adabakiak jartzen. Prezioetan esku hartu behar dugu, espekulazioari amaiera eman eta etxebizitza behar dutenen interesak lehenetsi, etxebizitzarekin negozioa egiten dutenen interesen gainetik”, azpimarratu du.
Etxebizitzaren krisiaren aurrean, salatu duenez, Euskadin erantzukizun politiko bat dago, saihestu ezin dena: “EAJk eta PSEk 10.000 etxebizitza babestu eraikitzeko konpromisoa iragarri dute; horietatik 7.000 alokairu eskuragarrikoak izango lirateke legegintzaldian zehar. Baina helburuak iragartzea ez da emaitzak bermatzea. Alokabide eta Bizigune bezalako tresnak ditugu, eta horiei esker etxebizitzak alokairu eskuragarriko merkatuan txertatu ahal izan dira. Tresna horiek indartu, hobetu eta gaitasun handiagoz hornitu behar ditugu, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko eta benetan behar dituztenen zerbitzura jartzeko”, nabarmendu du.
Era berean, Gartziak konpromisoa hartu du familia zaurgarri bat kalean gera ez dadin lan egiteko, alokairua ordaindu ezin duelako. “Egoera zaurgarrian dauden pertsonen etxegabetzeak geldiarazi behar dira, baldin eta bizitoki-alternatiba duin bat ez badago. Haur batek ere ez luke bizi behar datorren hilabetean bere gelan lo egiten jarraitu ahal izango duen ez jakitearen ziurgabetasunarekin. Hau ez da karitate-kontu bat. Erakundeen betebeharra da. Etxebizitza izateko eskubidearen babesa edozein interes ekonomikoren gainetik egon behar da”, adierazi du.
Ekitaldian Garbiñe Ruiz Arabako Kongresurako zerrendaburuak ere parte hartu du. Haren esanetan, “ez du ezertarako balioko etxebizitza gehiago eraikitzeak, baldin eta ez bagara gai lehendik daudenak mobilizatzeko, alokairuan bizi direnak babesteko eta funts putre eta jabe handiek gure auzoak finantza-aktibo bihurtzea eragozteko”.
“Etxebizitza ezin da gutxi batzuen negozioa izan eta milioika pertsonaren larritasun-iturri. Etxebizitza pertsonen zerbitzura jarriko duten politikak behar ditugu. Eta gu prest gaude neurri guztiak hartzeko: espekulazioa geldiarazteko, etxebizitzen kontzentrazioa mugatzeko, jabe handien etxebizitzetan esku hartzeko, hala dagokionean desjabetze-tresnak erabiltzeko eta alokairuak arautzeko”, adierazi du.
Azken batean, azpimarratu duenez, «pertsona guztiei bizitzeko etxebizitza baterako sarbidea bermatu behar diegu. Izan ere, etxegabetze bakoitzaren atzean, soldataren zati jasanezin bat bereganatzen duen alokairu bakoitzaren atzean eta emantzipatu ezin den gazte bakoitzaren atzean, etorkizunik gabe geratzen ari den bizitza bat dago».
PODEMOS Ahal Dugu