Skip to main content

Podemosek ohartarazi du 20N honetan: “Demokrazia ez da lortutakoa ken diezaguten eragoztea soilik, oraindik falta zaiguna konkistatzen jarraitzea ere bada”

Alderdiak azaroaren 20a dela eta antolatutako hauteskunde-kanpaina Iruneko Avenida zubira eraman du, Memoria Demokratikoaren Leku izendatutako tokira

Maite Gartzia: “Hauteskundeetara aurkezten gara faxismoaren gorakada geldiarazteko, baina baita askoz harago joateko ere. Ez dugu erresistentziara mugatu nahi. Erakundeak demokratizatu nahi ditugu, benetako eraldaketa demokratikoari oraindik itxita dauden botere-guneak eskuratzeko lehian aritu eta herritarren eskubideak zabaldu”

“Gaur, azaroaren 20an, 51 urte bete dira diktadorea hil zenetik. Hala ere, oraindik ere botere-egitura gehiegi dituen demokrazia batean bizi gara, egitura horiek ez baitute erabat hautsi frankismoaren herentziarekin”. Salaketa horrekin hasi du bere hitzaldia Maite Gartziak, Gipuzkoako Kongresurako hautagai-zerrendako buruak, ostiral honetan kanpaina-ekitaldian. Iruneko Avenida zubian egin dute ekitaldia, aurten Memoria Demokratikoaren Leku izendatutako tokian.

Podemosek toki sinboliko hori aukeratu du gaur, 20N dela eta, hauteskunde-kanpaina bertara eramateko. Izan ere, zubi hori erbestera joateko bide nagusietako bat izan zen gerratik, estatu-kolpe militarretik eta errepresio frankistatik ihesi zihoazen milaka pertsonarentzat. Bizia salbatu eta beren ideiak eta demokrazia defendatzeko egin zuten ihes.

Egun honetan, Gartziak adierazi duenez, “ez dugu memoriaz soilik hitz egiten, orainaz eta etorkizunaz ere ari gara. Izan ere, ikusten dugu Estatuko zenbait boterek garai hartako inertziak arrastaka daramatzatela oraindik, eta eskuineko eta eskuin muturreko indarrek botere-gune gehiago eskuratu nahi dituztela, gure eskubideak eta askatasunak atzera botatzeko”.

Horregatik, Podemosek helburu argi batekin aurkeztuko ditu hauteskundeetara hautagaitzak: «Faxismoaren gorakada geldiaraztea, bai, baina baita askoz harago joatea ere. Ez dugu erresistentziara mugatu nahi. Eraldatu egin nahi dugu. Erakundeak demokratizatu nahi ditugu, benetako eraldaketa demokratikoari oraindik itxita dauden botere-guneak eskuratzeko lehian aritu eta herritarren eskubideak zabaldu».

Gartziak azpimarratu du hauteskunde hauetan hiru proiektu politiko argi eta bereizi daudela. Batetik, PPren eta Voxen blokea dago, atzerakada demokratikoa, eskubide eta askatasunen murrizketa eta hainbeste kostata lortutako gizarte-aurrerapenak zalantzan jartzea ordezkatzen dituena. Bestetik, funtsean erresistentzia egitea eta lortutakoa mantentzea proposatzen duen blokea dago, baina behar ditugun aldaketen sakontasuna mahai gainean jartzen ez duena. Eta, horien aurrean, gure espazioa dago: Podemos eta indar errepublikarrak. Guk defendatzen dugu ez dela nahikoa eskuinaren eta eskuin muturraren aurrean harresi bat eraikitzea; aurrera egin behar dugu, boterea lehiatu behar diegu eta eskubideak konkistatzen jarraitu behar dugu».

Demokrazia, ohartarazi duenez, “ez da lortutakoa ken diezaguten eragoztea soilik; demokrazia oraindik falta zaiguna konkistatzen jarraitzea ere bada”. Horregatik, Francisco Franco diktadorea hil zenetik 51 urte igaro diren honetan, Podemoseko hautagaiak ziurtatu du gure egitekoa bera dela oraindik: frankismoak gure erakundeetan lekurik ez izatea eta demokrazia, behingoz, boterearen txoko guztietara iristea.

Ekitaldian izan dira, halaber, Miren Echeveste, Podemos Euskadiko koordinatzaile ondokoa; Thania Pazos, Feminismoetako idazkaria eta Podemosek Irunen duen bozeramailea; eta Marian García, Podemos Euskadiko Herritarren Kontseilu Autonomoko (HKA) kidea.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input