Podemos Euskadik hauteskunde kanpainaren hasieran berretsi du herritarrentzat funtsezkoak diren hiru eskubideen defentsarekiko konpromisoa: bakea, etxebizitza eta lana
Alderdi morea gehiengo sozialaren eskubideak defendatzen dituen, bultzatzen duen, deserosoa den eta gauzak diren bezala izatera konformatzen eta etsitzen ez den ezkerra da
Podemos Euskadik gaur arratsaldean eman dio hasiera azaroaren 29ko hauteskunde orokorretarako kanpainari, herritarrengan eragina duten funtsezko hiru arloen defentsarekiko konpromisoa berretsiz: bakea, etxebizitza eta lana. Beldurrik gabe bizi ahal izatea, etxebizitza bat izatea eta soldata hilaren amaierara iristeko adinakoa izatea. Herritarrei dagozkien oinarrizko hiru eskubide horietan oinarrituko du Podemos Euskadik bere jarduera politikoa. Kalean izango da lanean, aldarrikapen sozialak Kongresura eta Senatura eramateko, eta euskal gehiengo soziala mehatxatzen duten arazo nagusiei irtenbideak eskaintzeko.
Kanpainaren hasiera-ekitaldia Bilbon egin da, eta azaroaren 29ko hauteskundeetarako hautagaiek Podemos Euskadiko zuzendaritzaren, alderdiko arduradun organiko eta instituzionalen eta militanteen babesa izan dute. Ekitaldian parte hartu dute Bizkaiko eta Arabako Kongresurako hautagai-zerrendaburuek, Jose Manuel de Pablos eta Garbiñe Ruizek, hurrenez hurren, eta Gipuzkoako Kongresurako bigarren hautagaiak, Alberto Villarrealek.
Garbiñe Ruiz: “Gehiengoaren eskubideak defendatzen dituen, bultzatzen duen, deserosoa den eta gauzak diren bezala izatera konformatzen eta etsitzen ez den ezkerra gara. Bakea, etxebizitza eskuragarriak, soldata duinak, zerbitzu publiko sendoak eta bizitzeko denbora nahi ditugulako”
“Zertarako balio du lana izateak hilabete osoan lan egin ondoren hilaren amaierara iristen ez bazara?». Hitz horiekin hasi du bere hitzaldia Arabako Kongresurako hautagai-zerrendaburuak, Euskadiko herritar askoren errealitatea salatzeko; izan ere, pertsona horientzat «lan egiteak ez du bermatzen bizitza duina izatea». «Lan egiteak independentzia, denbora, lasaitasuna eta etorkizuna eraikitzeko aukera eman behar dizkizu. Lan egiteak ez gintuzke zailtasunez bizitzera kondenatu behar. Lan egiteak ondo bizitzeko aukera eman beharko liguke”, adierazi du.
Ruizek ziurtatu du Podemosek borondate politikoa duela soldata duinak ezartzeko, eta ez diola uko egiten herritarrentzako lan-baldintza bidezkoen alde borrokatzeari. Azpimarratu duenez, Podemosek frogatu zuen koalizio-gobernuan alderdi horretan konfiantza izan daitekeela. Eta legegintzaldi honetan ere hala egin du: Kongresuan lau diputatu baino ez dituen arren, Gobernuari “urte luzez ezinezkoak zirela esan ziguten aurrerapausoak” lortzea erdietsi dio; besteak beste, milioi bat migratzaile baino gehiagori eskubideak aitortu dizkien erregularizazio masiboa eta 52 urtetik gorako langabeen pentsioetan murrizketak egitea eragotzi izana.
“Horregatik, inork ez diezagula esan aurrera egitea zenbaki kontua baino ez dela. Eserlekuak garrantzitsuak dira, noski, baina horiek zertarako erabiltzen dituzun eta noraino iristeko prest zauden ere garrantzitsua da. Ez gaude hemen eskuina geldiarazteko edo eskuin muturrak gobernatzea eragozteko soilik. Boto erabilgarriaren diskurtso hori ezagutzen dugu dagoeneko. Gehiengoaren eskubideak defendatzen dituen, bultzatzen duen, deserosoa den eta gauzak diren bezala izatera konformatzen eta etsitzen ez den ezkerra gara. Bakea, etxebizitza eskuragarriak, soldata duinak, zerbitzu publiko sendoak eta bizitzeko denbora nahi ditugulako”, amaitu du.
Jose Manuel de Pablos: “Bake soziala lapurtzen ari zaizkigu: gure herrialdean gerra isil bat ari da gertatzen gehiengoaren eskubideen aurka”
Bizkaiko Kongresurako hautagai-zerrendaburuak salatu du “bake soziala lapurtzen ari zaizkigula”, Defentsan milioika euroko inbertsio publikoak egiten ari direlako, herritarren segurtasuna bermatzeko aitzakiarekin, zergen bidez bildutako dirua benetako arazo sozialei aurre egiteko erabili beharrean. “Herrialde honetako gehiengo sozialarentzat, benetako beldurra ez da atzerriko inbasio militar bat. Benetako beldurra hilaren 20ra iristea eta bankuko kontua zenbaki gorritan ikustea da. Beldurra etxegabetze-gutun bat jasotzea da, funts putreek alokairua bikoiztea erabaki dutelako. Beldurra gaixotzea eta osasun-zentroan hilabete barrurako hitzordua ematea da. Beldurra gure seme-alabei begiratzea eta jakitea, zenbat ikasi eta ahalegindu arren, guri egokitu zaiguna baino herrialde pobreagoa eta prekarioagoa jasoko dutela oinordetzan. Horixe da gure herrialdean gertatzen ari den benetako gerra: gehiengoaren eskubideen aurkako gerra isila”.
Ildo horretan, ohartarazi duenez, “ezin da bakerik egon gure herrialdean lau pertsonatik batek bizitza duina izateko bermerik ez duenean; ez dago bakerik miseria normaltzat jotzen saiatzen direnean, inkestek esaten digutenean gizartea desberdintasunaren aurrean anestesiatzen ari dela eta saihestezintzat jotzen duela berez erabaki politiko baten ondorio dena”. “Ez da saihestezina. Iruzur bat da. Ezin dugu onartu gure ikastetxeetako ratioak murrizteko, osasun mentaleko profesional gehiago kontratatzeko edo etxebizitza-parke publiko bat sortzeko baliabiderik ez duela esaten duen sistema baten hipokrisia, baina gerra-jaunen nahiak asetzeko milaka milioi euro aurkitzen dituena egun gutxitan”, nabarmendu du.
Horren aurrean, Podemosek ‘segurtasuna’ hitzaren erabateko birdefinizioa proposatzen du. “Borroka-hegazkinak ospitaleko oheengatik aldatu nahi ditugu. Misilak lan-kontratu duinengatik aldatu nahi ditugu. Gastu belizista neurrigabe eta immoral hori ikuskatu eta nabarmen murriztu nahi dugu, eta euro horietako bakoitza gure ongizate-estatua blindatzeko bideratu”. “Kanpora beldurrez begiratzea nahi dute, kaleei haserrez begira ez diezaieten. Baina beldurtuta, otzan eta haien gerren faktura ordaintzen nahi gaituztenen aurrean, itxaropenaren, justizia sozialaren eta bizitzaren bandera altxatzen dugu guk. Hautetsontzietara goaz bake-eskubidea defendatzera. Beldurra gure bizitzetatik eta gure auzoetatik uxatzera goaz”, amaitu du.
Alberto Villarreal: “Etxebizitzaren arazoa hiltzen ari gaitu: bide horretatik jarraituz gero, urte gutxiren buruan bizirik ateratako pertsonez hitz egingo dugu, eta ez herritarrez”
Gipuzkoako Kongresurako bigarren hautagaiak atzoko greba orokor historikoa aipatu du. Grebak jendetza atera zuen kalera, etxebizitza eskuratzeko eskubide eraginkorra exijitzeko. “Etxea egunero ari dira suntsitzen eta asaldatzen, eta familiak duela hamarkada batzuk imajinaezinak ziren pobrezia- eta etsipen-egoeretara eramaten ari dira. Atzo, beste behin ere, gizarte zibilak erakundeei eskatu zien behingoz jardun dezatela hondamendi hau konpontzeko. Etxebizitzaren arazoa hiltzen ari gaitu: bide horretatik jarraituz gero, urte gutxiren buruan bizirik ateratako pertsonez hitz egingo dugu, eta ez herritarrez. Izan ere, Mari Carmen asko daude, baina Olga eta Javi asko ere badaude, etsipenaren aurrean amore eman eta beren buruaz beste egin dutenak”.
Premia bat dagoen tokian eskubide bat sortzen da, eta eskubide hori ez izateak “suntsitzen ari gaitu”. Datuak kezkagarriak dira: “Etxebizitza-segurtasunik eza osasun-sistemaren kolapsoan ere islatzen da. Lehen mailako arretak etxebizitza-ziurgabetasunak eragindako osasun mentaleko arazoen gorakada ikusten du, baita suizidio-arriskuaren hazkundea ere... Arazo honek ongizate-estatua suntsitzen ari da”, azpimarratu du.
“Podemoseko kideok ondo dakigu non dagoen gure lekua, gure politika jendearen alde dagoelako: maizterrak muturreraino eramaten dituzten errentaristen aurka, funts putreen aurka, etxegabetzeen aurka eta ezer aldatzea ahalbidetzen ez duten botere faktiko eta pribilegiatuen aurka. Atzerapausoak egitera behartzen gaituzten guztien aurka, gure ametsak hiltzen dituztenen eta gure familiak suntsitzen dituztenen aurka. Gure bizitzak bizirauteko neo-esklabotza bihurtzen dituzten guztien aurka”.
PODEMOS Ahal Dugu