Elkarrekin Podemosek gobernuari eskatu dio %1,5era jaits dezala 2027rako udal tasen igoera, eta zergei euts diezaiela
Koalizioaren ustez, arrazoizkoa da ordenantza fiskalak eguneratzea ikusirik gastuak handitu egin direla, baina ez dator bat udalak igoeraren zama osoa familien gain uztearekin
Elkarrekin Podemosek %1,5eko igoera proposatzen du, gobernuak proposatzen duen %3,4ko igoeraren aldean, eta zuzenketa pakete bat aurkeztu du justizia fiskala eta zerga sistema berdea indartzeko.
Proposamen hauek egiten ditu: benetako hondakinen sorrerari lotuago egongo den merkataritza hondakinen sistema bat; edukiontzi marroia erabiltzeagatik hobariak %15era goratzea; hobari gehiago ezartzea birziklatzeagatik, berrerabiltzeagatik eta elikagaiak alferrik galtzearen aurkako neurriengatik; eta ondasun higiezinen gaineko zergari %150eko errekargua aplikatzea hutsik dauden etxebizitzetan
Garbiñe Ruiz: "Diagnostikoan bat gatoz, baina ez eginahalaren banaketan. 2027an, zerga arloko ordenantzak berritu behar genituzke, bai, baina gastuen igoera hori ezin da ia osorik etxeen gain utzi"
Elkarrekin Podemosek udal gobernuari eskatu dio 2027rako ordenantza fiskalen eguneraketa apaltzeko, eta %1,5era muga dezala tasen eta prezio publikoen igoera, gobernuak planteatu duen %3,4ko igoera aplikatu beharrean. Era berean, udal zergak izoztea proposatzen du.
Elkarrekin Podemosen ustez, premisa argi bat dago: zerbitzu publikoek baliabideak behar dituzte, eta horien gastuak handitu egin dira, baina horrek ez du esan nahi udalak automatikoki aplikatu behar duenik igoera hori ia osorik herritarrengan.
"Aitortzen dugu ordenantza fiskalak eguneratu beharra dagoela. Zerbitzu publikoen gastua igo egin da, eta ezin dugu beste alde batera begiratu. Badakigu inflazioa dagoela, kontratuak garestiagoak direla, zaborra gehiago kostatzen dela eta lege betebeharrak daudela. Alde horretatik berdintsu ikusten dugu kontua", esan du Elkarrekin taldeko bozeramaileak, Garbiñe Ruizek.
Baina, koalizioaren ustez, 2027an, aintzat izan beharko dugu familien ekonomia ere. "Ezin zaigu ahaztu familiei ere oinarrizko gastuak asko igotzen ari zaizkiela. Udalak ezin du osorik familien gain utzi bere gastu propioen igoera haiek nola dauden jakinda", adierazi du Ruizek.
Elkarrekin Podfemosen irudiko, tasak ezin dira eguneratu bakarrik kontuan izanda udalaren gastuak handitu egin direla; familiek beren gain zenbat gehiago har dezaketen ere gogoan izan behar da. "Kontua da etxeek urteak daramatzatela bizi mailaren igoera jasaten: etxea, errenta, janaria, energia, garraioa, aseguruak eta oinarrizko beste gastu batzuk. Etxe gehiegitan, diru sarreren zati on bat oinarrizko gastuekin dago konprometituta, eta marjina txikia edo hutsala dute igoera berri horiei aurre egiteko".
Elkarrekin Podemosen ustez, beraz, udalak birplanteatu egin behar du ahalegina nola banatu. "Diagnostikoan bat gatoz, baina ez eginahalaren banaketan", laburbildu du bozeramaileak.
Hori dela eta, koalizioaren asmoa alternatiba orekatsuagoa da: tasen eta prezio publikoen %1,5eko eguneraketa —ez gobernuak proposatu duen %3,4koa—, eta udal zergak bere horretan uztea.
Etxe hutsak: errekargurik handiena ondasun higiezinen gaineko zergari
Etxebizitzaren arloan, Elkarrekin Podemosek proposatzen du %50etik %150era igotzea ondasun higiezinen gaineko zerga etxe hutsen kasuan, hau da, foru arauak gaur egun onartzen duen maximoa.
Koalizioak gogorarazi du etxe hutsen kanona aplikatzearen alde jarraitzen duela, hori delakoan tresnarik eraginkorrena etxe hutsak alokairura bideratzeko, baina, haren ustez, udalak higiezinen gaineko zergaren errekargua aplikatzen jarraitu behar badu, eskura dagoen marjinarik handiena aplikatu beharko du.
Horretaz gainera, salbuespen irizpideak aldatzea planteatzen du; horrela, ez da erabiliko etxearen okupazioaren froga gisa uraren eta energiaren kontsumo finkoa; horren ordez, pertsona baten batez besteko kontsumoari lotutako erreferentzia bat erabili behar da.
Hondakinen arloko zerga bidezkoago eta berdeagoa
Erregistratutako gainerako zuzenketei dagokienez, Elkarrekin Podemosek hondakinen tasari egin dizkio zuzenketetako asko; helburua izan da ingurumen aldetik eredu bidezkoago baterantz egitea, jarduera bakoitzak sorrarazten dituen hondakinekin erlazionatuagoa egongo den baterantz.
Lokalen eta establezimenduen kasuan, koalizioak proposatu du gaur egungo tarifen eskema baztertzea eta beste sistema baterantz egitea: urte kuota bat, kontuan izango duena sortutako hondakinen kudeaketa efektiboa, nola eta erabilitako edukiontzi motaren eta erretiratutako edo deskargatutako kopuruaren bitartez. "Hondakinen tasak ezin du berdina izan hondakinik ia sortzen ez duenarentzat eta kopuru handiak sorrarazten dituenarentzat. Hondakin gehiago sortzen duenak gehiago ordaindu beharko du, eta hondakinak murrizten dituenak ere nabaritu behar du", adierazi du Ruizek.
Horretaz gainera, koalizioak proposatu du %10etik %15era goratzea edukiontzi marroia erabiltzeagatik ematen duten hobaria: irizpideak aldatu behar dira irekiera kopuruak kontuan izan dezan erroldatutako pertsona kopurua eta etxearen metro koadroak; horrela, alokairuan bizi direnek ere hobari hori eskuratu ahal izango dute.
Neurri horietaz gainera, proposamen gehiago ere egin dituzte zerga sistema berdearen alorrean: %5eko hobaria urtean hiru aldiz behintzat Garbigune eta Reutilizagune bi udal zerbitzuetan parte hartzen dutenetzat, eta %10eko hobaria elikagaien banaketan eta jatetxeetan aritzen diren enpresetarako, baldin eta alferrik galtzen den janaria murrizteko sistema egiaztagarriak garatzen badituzte irabazi asmorik gabeko eta ekonomia sozialeko erakundeekin lankidetza lehenetsita.
"Ez dugu nahi ordenantzek diru bilketa hutsa egitea. Balio behar dute, hala berean, ohiturak hobetzeko, hala nola hondakinak gutxitu, hobeto birziklatu, berrerabili eta janaria alferrik ez galdu", esan du Ruizek.
Era berean, Elkarrekin Podemosek ingurumen irizpideak planteatzen ditu beste udal zerga eta tasa batzuetan.
Trakzio mekanikoko ibilgailuen zergan, koalizioak proposatzen du tarifak izoztea, baina %3,4ko igoerari eustea hogei zaldi fiskaletik gorako ibilgailuetan, horrela indartu egingo da potentzia handiagoa duten ibilgailuei loturiko ingurumen arloko fiskalitate irizpidea.
Hondakinak isurtzeagatik eta tratatzeagatik ezartzen den tasan, Elkarrekin Podemosek proposatzen du %3,4ko igoerari eustea industriako hondakinetarako, hondakin ez urbanotzat hartzen baitira eta areagotu egin baitira; gainera, inpaktu esanguratsua dute udal zabortegian. Gainerakoetarako, proposatzen du %1,5ean uztea eguneraketa.
Mugikortasuna: errotazio handiagoa eta zerbitzu bidezkoagoak
Zuzenketen artean, Elkarrekin Podemosek orobat proposatzen du lau ordura mugatzea TAOren 2. eremuan egin daitekeen egonaldi maximoa, eta ez gobernuak iragarri duen zortzi ordura, eta 240 minutuak gainditzean ez uztea denbora luzeagoan aparkatzen.
"Zortzi ordura zabaltzea ez da koherentea TAOren errotazio helbururako. Eremuaren funtzionamenduak erakusten badu lau ordutik gora neurria ez dela eraginkorra, ez du zentzurik egonaldia luzatzea eta plaza bat okupatua egotea egun osoan", azaldu du Ruizek.
Era berean, koalizioak planteatzen du asteko eta hamabostean behingo lur azpiko parking tarifa berriak ezabatzea autobus geltokian, uste baitu dagoeneko badirela formulak langileen premiak estaltzen dituztenak.
Beste finantzabide batzuk
Elkarrekin Podemosen ustez, udalak bere gain hartu behar luke arduraren zati bat, eta aztertu nola berma dezakeen zerbitzu publikoen finantzabidea beste bide batzuetatik.
"Kalitatezko zerbitzu publikoei eutsi nahi badiegu, finantzabidea bermatu beharra dago. Horrek ez du esan nahi, familiek berek bakarrik eutsi behar diotenik inflazioaren gastuari. Gobernuak baliabideak bilatu behar ditu, lehentasunak ezarri eta erabaki norainoko eginahala har dezakeen bere gain eta nondik aurrera ez, zeri egin diezaiokegun uko eta zer atzeratu dezakegun", esan du bozeramaileak.
Koalizioaren iritzian, bere proposamenak bateragarri egiten ditu bateraezin ez diren bi helburuak: zerbitzu publikoen finantzabidea eta familiak babestea, batik bat gaitasun ekonomiko txikiagoa dutenena.
"Tasak ez eguneratzearen eta %3,4 goratzearen artean badira alternatibak. Guk planteatzen dugu %1,5 goratzea, zergak bere horretan uztea eta kostu jakinak era bidezkoagoan banatzea. Era berean, ordenantzek hondakinak gutxitzeko balio dezatela nahi dugu, birziklapena bultzatzeko eta inpaktu handiena duten portaerak zigortzeko", laburbildu du Ruizek.
Elkarrekin Podemosentzat, ordenantza fiskalek uztartu egin behar dituzte ekonomia nahikotasuna, familien babesa eta zerga sistema berdea.
"2027an, zinez arduratsuak izan behar dugu. Badakigu ordenantzak eguneratu beharra dagoela, baina badakigu, hala berean, herritarrak eginahal handia egiten ari direla hilabete bukaerara heltzeko. Elkarrekin taldeak argi du udalak zein aldetan egon behar duen: zerbitzu publikoak behar bezala finantzatuta egon behar dutela, babes handiena behar dutenen aldean egon behar dela eta zerga sistema bidezkoago eta iraunkorrago bat egin behar dela", amaitu du Garbiñe Ruizek.
PODEMOS Ahal Dugu