Skip to main content

EAJk eta PSE-EEk Elkarrekin Podemosen proposamenak baztertu dituzte herritarren lehentasun nagusiei erantzuteko: etxebizitza eskuratzea, kalitatezko zaintzak eta familien erosteko ahalmena bermatzea

“Bizkaiko Foru Aldundiaren eskura dauden baliabideak eta tresnak ez erabiltzea erabaki dute, desberdintasunak murrizteko, eskubideak bermatzeko eta herritarren eguneroko bizitza pixka bat errazagoa egiteko”, salatu du Eneritz de Madariagak

Bestalde, Batzar Nagusiek Elkarrekin Podemosen bi proposamen onartu dituzte: Bizkaibuseko zerbitzua Bilbotik urrunen dauden eskualdeetan indartzea eta babesten dituen adingabe migratzaileen inguruan eskubideen ikuspegia eta estigmatizaziorik eza berariaz txertatzea

Elkarrekin Podemosek salatu du Bizkaiko Foru Aldundiari eusten dioten alderdiek (EAJk eta PSE-EEk) gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan herritarren erosteko ahalmena babestuko duen eta zerga-sistemaren birbanatzeko gaitasuna indartuko duen zerga-politika aurrera eramatearen aurka bozkatu dutela, bai eta alokairuko babes publikoko etxebizitzen sustapenerako foru-programa bat abian jartzearen aurka ere. Era berean, bi alderdiak mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko egoitza-zerbitzuetan arreta nahikoa eta kalitatezkoa bermatzera bideratutako proposamena onartzearen aurka agertu direla kritikatu du, gizarte- eta sindikatu-eragileekin elkarlanean.

Elkarrekin Podemosen hiru eskaera horiek gaur baztertu dituzte Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Bertan, joan den asteko politika orokorraren eztabaidatik eratorritako talde parlamentarioen ebazpen-proposamenak eztabaidatu dira. Kontrako norabidean, osoko bilkurak formazio aurrerakoiak aurkeztutako beste bi mozioak onartu ditu. Mozio horiek Aldundiari eskatzen diote Bizkaibuseko zerbitzua Bilbotik urrunen dauden eskualdeetan indartzeko, eta babesten dituen adingabe migratzaileen inguruan eskubideen ikuspegia eta estigmatizaziorik eza berariaz txertatzeko.

Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Eneritz de Madariagak kritikatu du EAJk eta PSE-EEk herritarrentzat lehentasunezkoak diren gaiei -etxebizitza eskuratzea, kalitatezko zaintza-eredu baterantz aurrera egitea eta familien erosteko ahalmena bermatzea- erantzuteari uko egin izana. “EAJk eta PSE-EEk uko egin diote Bizkaian jende askoren bizitza baldintzatzen ari diren eta ondo ezagutzen ditugun arazoei heltzeko jarduteari. Berdintasunik ezak murrizteko, eskubideak bermatzeko eta herritarren eguneroko bizitza pixka bat errazagoa egiteko eskura dituzten baliabideak eta tresnak erabili nahi ez dituztela erakutsi dute. Adierazi dute beren asmoa Aldundia urtetik urtera arazo berberak kudeatzera mugatzea dela, arazoen arrazoiei heltzen saiatu beharrean, nahiz eta hori zaila edo deserosoa izan”, salatu du.

Zerga-politikari dagokionez, De Madariagak ohartarazi du Aldundiak planteatzen duen «zerga-iraultzak» arriskuan jartzen duela foru-gobernuak familien erosteko ahalmena babesteko eta eguneroko bizitza gehien baldintzatzen ari diren arazoei erantzuteko neurriak abian jartzeko duen gaitasuna. Azaldu duenez, proposamenak jasotzen dituen kenkari, salbuespen eta zerga-onura berriek diru-bilketa nabarmen murriztuko dute eta, ondorioz, familiak babesteko, zerbitzu publikoak indartzeko edo bestelako gizarte-beharrei erantzuteko baliabide ekonomikoak ere murriztuko dituzte.

Horregatik, neurri fiskalei buruzko foru-arauaren proiektua erretiratzeko eskatu du berriro, eta diru-sarrera txikiak eta ertainak dituzten pertsonak babestera, etxebizitza edo zaintza bezalako oinarrizko gastuen zama arintzera eta zerga-onurak baliabide gutxien dituztenengana ere irits daitezen neurriak jasoko dituen araudia aurkezteko. Era berean, ahalmen ekonomiko handiagoa dutenen gaineko presio fiskala handitzeko eskatu du, behar besteko itzulkin soziala frogatzen ez duten zerga-onurak ezabatuz.

Etxebizitza da herritarren arazo nagusia, eta, hala ere, De Madariagak deitoratu du EAJk eta PSE-EEk uko egin diotela, Azpiegituren bidez, alokairuko babes publikoko etxebizitzak sustatzeko Foru Programa bat abian jartzea eskatzen zuen ebazpenari babesa emateari. Programa horren bidez, etxebizitzak eta eraikinak eskuratu, eraiki eta birgaituko lirateke, eta horien titulartasun publikoa eta alokairu babesturako erabilera iraunkorra mantenduko lirateke.

“Ez dugu proposatzen Aldundiak bereak ez diren eskumenak bere gain hartzea, dituenak garatzea baizik. Zerga-politikaren bidez lagundu dezake, eta esku hartzeko ahalmen ekonomikoa eta berezko tresnak ere baditu. Azpiegiturek, dagoeneko, babes publikoko etxebizitzetara bideratutako bizitegi-eremuak eskuratu eta sustatzea jasotzen du bere jarduera-ildoen artean. Beraz, tresna badago, eta erabil daiteke”, adierazi du.

Era berean, Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak deitoratu egin du Bizkaiko mendekotasuna duten pertsonen egoitzetako langileek, sindikatuek, zenbait familiak eta Babestu Elkartea bezalako herritar-plataformek aspalditik mahai gainean jarri duten arazo bati heltzeko ebazpenak babesik ez izatea: egoitzetan langile nahikorik ez egotea eta mendekotasuna duten pertsonek behar duten denborarekin eta arretarekin zaintza eskaintzea zailtzen duten lan-karga handiak izatea.

Horretarako, formazioak proposatu zuen Aldundiak, gizarte- eta sindikatu-eragileekin batera, zuzeneko arretako langileen gutxieneko zuzkidura zehaztea, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txanda bakoitzean bermatu beharrekoa. Horretarako, kontuan hartu beharko lirateke egoiliarren kopurua, haien mendekotasun-maila, behar dituzten laguntzak eta txanda bakoitzeko lan-karga.

Bestalde, osoko bilkurak Elkarrekin Podemosek EAJrekin eta PSE-EErekin adostutako proposamen bat onartu du, hasiera batean formazio moreak aurkeztutako ekimen batetik abiatuta. Proposamenak honako hau eskatzen du: “Bizkaibusen zerbitzua Bilbotik urrunen dauden eta garraio publikoan aukera gutxien dituzten eskualdeetan indartzea, eskaintza landa-eremuen eta biztanle-dentsitate txikiagoko inguruneen behar espezifikoetara egokituz”.

Horretarako, agintaldi hau amaitu baino lehen, landa-eremuko garraio publikoko zerbitzu bat jarriko da abian Lea-Artibain eta Enkarterrin, biztanlegune eta auzo sakabanatuak eskualdeburuekin, oinarrizko zerbitzuekin eta garraio publikoko linea nagusiekin lotuko direla bermatzeko. Zerbitzu horiek Bizkaibuseko sarean txertatuko dira, Barik txartela erabiltzeko aukera, tarifa-baldintza berberak eta barneko garraio-aldaketen doakotasuna bermatuz, sareko gainerako zerbitzuetan bezala.

Era berean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Elkarrekin Podemosen ebazpena babestu dute, eta, haren bidez, eskubideen ikuspegia eta estigmatizaziorik eza berariaz txertatuko dira bai Aldundiak babesten dituen adingabe migratzaileen inguruko erakunde-komunikazioan, bai sentsibilizazio- eta bizikidetza-politiketan.

Horretarako -proposamenean jasotzen denez-, Aldundiak migrazioari eta, bereziki, haren babespean dauden haur, neska eta nerabe migratzaileei buruzko erakunde-komunikaziorako irizpideak ezarri eta aplikatu beharko ditu. Irizpide horiek eskubideen ikuspegian, adingabearen interes gorenean eta estigmatizaziorik ezean oinarrituko dira, eta biztanleriaren talde desberdinen arteko susmoa, arbuioa edo konfrontazioa elikatu dezaketen orokortasunak, estereotipoak edo mezuak saihestuko dituzte.

Era berean, foru-gobernuari eskatu zaio sentsibilizazio- eta bizikidetza-estrategia espezifiko bat diseinatu eta abian jartzeko, arrazakeria, xenofobia eta gorroto-diskurtsoak prebenitzeko, aurreiritzi eta estereotipoei aurre egiteko eta errespetuan, inklusioan eta gizarte-kohesioan oinarritutako bizikidetza sustatzeko. Estrategia hori Aniztasunaren eta Gizarte Kohesioaren II. Planean (2025-2027-2030) txertatuko da, eta bertan ekintzak, arduradunak eta jarraipenerako eta ebaluaziorako adierazleak zehaztuko dira.

 PODEMOS Ahal Dugu

Recibe nuestros newsletters

Invalid Input
Invalid Input